• Tidak ada hasil yang ditemukan

Lakak mendeko perpausak ere azaltzen ditu. Ortiz de Urbinak baiezko mendeko perpausak aurkezten ditu, bereziki Konp kategoria hedatua aurkezten duen (2008) lanean; baina, ez, ordea, ezezkoak. Saiatuko bagara bere menpeko perpausen inguruko analisia hedatzen, komeni zaigu kontuan hartzea, beraz, lan horretan Rizziren (1997) analisia euskarari aplikatuz, egin duen proposamena. Proposamen horretan menpeko perpausen egiturari Jokatutasun Sintagma (JokS) eta Indar Sintagma (IndS) gehitzen dizkio eta TopS eta FokS IndS eta JokS-ren artean kokatuko lirateke, perpausaren ezker periferian honako egitura sortuz:

(59)

Analisia konplexuagoa den arren, ez da lan honetako erronka analisia laburtzea eta egitura berri hau ez da guztiz erabakigarria izango Ortiz de Urbinaren proposamenaren hedapenean. Beraz, azter ditzagun mendeko perpausak azaldu berri dudan egitura kontuan izanda. Laguntzailearen ezkerrerako destokitzea duten mendeko perpausetan ez dago arazorik; izan ere, -(e)la atzizkidun perpausetan ezeztapena FokS-ren burura igoko da operatzaile izaerak bultzatuta eta bidetik aditza hartuko du. Zehar-galderetan, mugimendu horretaz gain, NZ-hitza FokS-ren espezifikatzailera igoko da. Egia esan,

31

zehar-galderetan ezeztapenak foku burura igotzeko duen arrazoi bakarra ez da perpaus osoaren gaineko besarkadura izatea; baita NZ-irizpidea betetzea ere. Hau da, fokuak [+NZ] tasuna duenez, [+NZ] den fokuaren espezifikatzailearekin komunztadura izateko, foku buruak lexikoki gauzatu behar du, eta laguntzaileak ezin duenez hori egin ahula delako, ezeztapenak egin behar du, lehenago laguntzailea hartuz. Laguntzailearen destokitzerik ez duten mendeko perpausetan, esan beharko genuke ezeztapena ez dela bere tokitik mugitzen. Horrela, hurrenkera ondo islatuko litzateke baina ezingo genuke azaldu zergatik ezeztapena ez den igotzen perpaus osoaren gaineko besarkadura izango duen posizio batera eta, zehar-galderen kasuan, zergatik ez den foku burua lexikoki gauzatu behar.

Haddicanek ez dituenez mendeko perpausak kontuan hartzen, ez dago argi nola jokatu behar den hauek aztertzeko. PolS bada egiturako bururik gorena, Konp burua Pol buruaren gainetik kokatu beharko litzatekeela ematen du eta menderagailua eta laguntzailea klitizazio morfologikoaren bidez elkartu beharko liratekeela, konplementatzilea laguntzailearen atzetan agertu ahal izateko, atzizki gisa. Honek ez du islatzen mendeko perpausen hurrenkera, baina horri irtenbide bat emateak lan honen mugak gainditzen ditu.

5. ONDORIOAK

Lanean zehar ezeztapena landu da. Saiatu naiz ezeztapena ahalik eta zehatzen deskribatzen eta ezeztapenaren inguruan egin diren analisi sintaktikoak aurkezten. Horretarako, hiru dira eman ditudan urratsak: lehen urratsean polaritatedun perpausak deskribatu ditut. Argudiatu dut euskara ezeztapen komunztadura duen eta ezeztapen marka bakarreko hizkuntza dela. Horrez gain, ikusi dugu ezezko perpausek, oro har, aldaketak eragiten dituztela hitz hurrenkeran: baiezko perpausetan A-Lag hurrenkera badugu ere, ezezko perpausetan laguntzailea ezeztapenaren ondoan ageri da, aditza laguntzailearen eskumatara geratuz. Baiezko perpausetan ezin da partikula modalak ez diren beste osagairik txertatu aditza eta laguntzailearen artean. Ezezko perpausetan, berriz, debeku hori ezeztapena eta laguntzailearen artean gertatzen da, laguntzailearen eta aditzaren artean nahi beste osagai txerta daitezkeelarik. Dena den, mendeko zenbait perpausetan ez da laguntzailea ezkerretara mugigtzen eta A-ez-Lag hurrenkera agertzen da; hala denean ezin da ezer txertatu hiru osagai horien artean.

32

Konplementatzaileek hautatzen duten hurrenkerari dagokionez, ez dago batasunik. Batzuek nekez onartzen dute laguntzailearen ezkerrerako destokitzea eta beste batzuek hurrenkera biak onartzen dituzte. Laguntzailearen ezkerrerako destokitzea duen hurrenkera soilik eskatzea ez da horren ohikoa eta, sarri, hautu dialektala izaten da,

-(e)la konplementatzailea dugularik horren adibide. Horrela, ondoriozta daiteke

mendeko perpausen hurrenkera arruntena edo ohikoena A-ez-lag dela, baina, Artiagoitiak (2003:762) dioenez, zenbat eta zama semantiko txikiagoa izan konplementatzaileak, orduan eta errazago onartzen du laguntzailearen ezkerrerako destokitzea. Arau hau ez da beti, kasu guztietan betetzen, baina ideia interesgarria da, Lakak (1991) azalpen oso antzekoa ematen baitu -(e)la-ren hurrenkera bien kontua argitzeko.

Ezeztapenaren korapiloa askatu nahi izan dute hainbat hizkuntzalarik. Bigarren urratsa proposamen guztien artetik nagusienak diren hirurak aurkeztea izan da: Lakaren proposamena, Ortiz de Urbinarena eta Haddicanek antisimetriaren eredu teorikotik egindakoa. Lakak eta Ortiz de Urbinak eredu teoriko beretik heldu badiote ere, ezberdintasun nabariak daude bien proposamenen artean. Biek dute ezeztapena buru gisa, baina Ortiz de Urbinak, horretaz gain, operatzailetzat jotzen du. Analisian ez dute posizio edo maila berean kokatzen: Lakak egiturako maila gorenean kokatzen du ezeztapena, perpaus guztiaren gaineko besarkadura duelakoan. Ortiz de Urbinak, berriz, inflexioa eta aditzaren artean kokatzen du. Lakaren proposamenean, laguntzailearen mugida denboraren o-komando baldintzak bultzatuta gertatzen da eta Ortiz de Urbinarenean, aldiz, ezeztapena inflexiora mugitzen da honi euskarri lexikoa emateko eta inflexio buru konplexua Konp-era igotzen da ezeztapenaren operatzaile izaerak eraginda.

Hiru analisiok hedatzea izan da hirugarren pausoa. Hortaz, orain proposamenek izan ditzaketen gabeziak, edo, hobe esanda, egileek kontutan izan ez dituzten alorrak agerian uzteko ahalegina egingo dut:

Euskaraz, subjektuak arazoak ematen dituela dirudi: ezezko perpausen ordena neutroaz hitz egin dugunean, esan dugu “etxea ez da erori” eta “inor ez da etorri” bezalako perpausak direla arruntenak, “ez da etxea erori” eta “ez da inor etorri” baino ohikoagoak aurrekaririk gabeko testuinguruetan. Lakak (1993:32-33) proposatzen du

“inor ez da etorri” bezalako perpausak ditugunean, hots, EPE bat dugunean

ezeztapenaren aurretik, EPE horrek eta ezeztapenak nolabaiteko espezifikatzaile-buru harremana dutela. Baina zer gertatzen da EPE ez diren subjektuekin? Lakaren analisiak

33

ez du azaltzen subjektuaren posizio arrunta; “ez da etxea erori”, “ez da Miren etorri” bezalako hurrenkerak lortzen baititugu bere analisiaren bidez. Dena den, arazo hau orokorra dela ematen du, Haddicanek eta Ortiz de Urbinak ere ez dutelako subjektuaren posizioa irudikatzen asmatzen.

Buru-parametroa erabiltzen duten analisiei helduz, Ortiz de Urbina eta Laka bat datoz ezeztapenaren besarkadura ahalmenean: biek diote ezeztapenak perpaus osoaren gaineko besarkadura duela. Gogoratu, Ortiz de Urbinak ezeztapena operatzailetzat duela eta operatzaileak perpausaren gaineko besarkadura duten elementuak direla. Dena den, Haddicanek ekarritako datuen bidez frogatuta gelditu da partikula ebidentzial eta modalek ezeztapenaren gaineko besarkadura izan behar dutela. Ezeztapenaren eta partikula modalen arteko besarkadura harreman hori ezin da azaldu Lakaren eta Ortiz de Urbinaren lanekin.

Dena den, horrek ez du esan nahi Haddicanen proposamena zuzenena denik. Esan beharra dago perpaus nagusiei dagokienez, oso proposamen landua dela, baina ez ditu kontuan hartu mendeko perpausak eta perpaus jokatugabeak. Perpaus nagusi jokatuak ondo azal ditzakeen arren, ez dirudi bere analisiak irtenbide argirik duenik mendeko perpausen hurrenkera azaltzeko orduan. Antisimetriaren ikuspegitik gehiago landu beharreko arloa da ezeztapena, beraz.

Haddican ez da ezezko mendeko perpausen analisirik proposatu ez duen bakarra. Ortiz de Urbinak baiezko mendeko perpausen analisia bai, baina ezezkoen analisirik ez du aurkezten. 4. puntuan ikusitakoaren arabera, badirudi errazago edo hobexeago azal litezkeela laguntzailearen ezkerrerako destokitzea duten ezezko mendeko perpausak, baina esan dugu hori ez dela perpaus mota honen hurrenkerarik oinarrizkoena. Beraz, mendeko perpausen alorrean lan handia egin behar da oraindik ere.

Argi dago lan hau analisiek izan ditzaketen arazoak azaleratzeko saiakera txiki bat baino ez dela izan. Hurrengo lan batzuetarako galdera nahikotxo gelditzen baitira zabalik, ikusi dugunez.

Azkenik, lantxo honi amaiera emateko, esan nahi nuke, Lakaren analisia dela, nire ustez, orain arte eginiko proposamenen artean osoena eta egitura hoberen islatzen duena. Aintzat hartu ditu perpaus mota asko bere analisia eraikitzean eta horrek sendotasuna ematen dio analisiari. Baina ez du ematen Ortiz de Urbinaren analisia okerreko bidetik doanik. Ortiz de Urbinak berak (1993:397) bere lanari aurkitutako muga batez dihardu. Ezezko perpausetan ageri den laguntzailearen lekualdatzea, nahiz eta kasu konkretu eta espezifikoa izan (ezeztapenean baino ez baita gertatzen),

34

hizkuntzaren mekanismo orokor gisa interpretatzen du. Horrela bada, hizkuntzaren mekanismo orokorra bada, alegia, bere proposamenak ezin du azaldu zergatik ez dagoen laguntzailearen destokitzerik zenbait mendeko perpausetan. Baina ez ditzagun guztiz baztertu honako hitzok: guek ajutu ezdugu. Donemiliagako glosetan aurkitutako euskarazko perpausetako bat da. Perpaus honetan ez da ageri gaur egun ezeztapenak perpaus nagusietan duen hitz hurrenkera, baizik eta zenbait mendeko perpausetan ageri dena, Ortiz de Urbinak laguntzailearen destokitzerik gabeko perpaustzat jotzen duena. Egitura hori hain da zaharra, ezen pentsa bailiteke hori dela ezezko perpausetako oinarrizko hurrenkera (ikus Reguero 2013) eta, gerora, hainbat aldaketa gertatu direla gaur egungo ordena lortu arte. Hori horrela balitz, laguntzailearen ezkerrerako destokitzea ez litzateke hizkuntzaren mekanismo orokor bat izango, berrikuntza bat baizik eta Ortiz de Urbinaren analisiak hobeto azalduko lituzke mendeko perpausak, ez lukeelako azaldu behar zergatik ez dagoen destokitzerik eta, nolabait, zintzoagoa litzateke analisi hau besteak baino, euskararen garapena islatuko lukeelako.

6. BIBLIOGRAFIA

Arteatx, I., Artiagoitia, X. eta Elordieta, A. (arg.) (2008) Antisimetriaren hipotesia vs.

buru parametroa: euskararen oinarrizko hitz hurrenkera ezbaian, Bilbo:EHU.

Artiagoitia, X. (2003) “A final note on negation in subordinate structures”, in J. I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg.) A Grammar of Basque, Berlin: Mouton de Gruyter. 752-762.

Cheng, L. eta Demirdache, H. (1993) “External Arguments in Basque”, in J.I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg.) Generative Studies in Basque Linguistics, Filadelfia: Benjamins. 71-87.

Cinque, G. (1999) Adverbs and Functional Heads: A Cross-Linguistic Perspective, Oxford: Oxford University Press.

Duguine, M. (2008) “Silent arguments without pro. The case of Basque”, in T. Biberauer (arg.) The Limits of Syntactic Variation. Filadelfia: John Benjamins. 311-329.

Elordieta, A. (2001) Verb Movement and Constituent Permutation in Basque, Utrecht: LOT series 47. Doktorego tesia, Hill/Universiteit Leiden.

35

Etxepare, R. (2003) “Negation”, in J. I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg.) A Grammar

of Basque, Berlin: Mouton de Gruyter. 516-564.

Etxepare, R. (2011) “Omen bariazioan”, in I. Epelde (arg.) Euskal dialektologia: lehena

eta oraina, ASJUren gehigarriak, Bilbo:EHU. 85-112.

Euskaltzaindia, Gramatika Batzordea (1991) Euskal gramatika: lehen urratsak I (EGLU), Bilbo: Euskaltzaindia.

Euskara Institutua, EHU, "Baieztapena eta ezeztapena", Sareko Euskal Gramatika

(SEG) [www.ehu.eus/seg]

Greenberg, J. (1963) Universals of Language, Cambridge, Massachusetts: MIT Press. Haddican, B. (2004) “Sentence Polarity and Word Order in Basque”, The Linguistic

Review 21:2. 81-124.

Haddican, B. (2008) “Euskal perpausaren oinarrizko espez-buru-osagarri hurrenkeraren aldeko argudio batzuk”, in Arteatx, Artiagoitia eta Elordieta (arg),

Antisimetriaren hipotesia vs. buru parametroa: euskararen oinarrizko hitz hurrenkera ezbaian, Bilbo: EHU. 69-96.

Haegeman, L. eta Zanuttini, R. (1991) “Negative Heads and the NEG Criterion”, The

Linguistic Review 8. 233-251. [Gero honako erreferentziapean berrargitaratua:

Kayne, R., Leu, T., eta Zanuttini R. (arg.) (2013) An Annotated Syntax Reader:

Lasting Insights and Questions, Wiley-Blackwell. 262-276.]

Kayne, R. (1994) The Antisymmetry of Syntax, Cambridge MA: MIT Press.

Laka, I. (1988) “ Configurational heads in inflectional morphology: the structure of the inflected forms in Basque, ASJU 22:2. 343-366.

Laka, I. (1989) “Ezeztapena euskaraz”, in P. Salaburu (arg.) Sintaxi teoría eta euskara, Donostia: EHU. 73-85.

Laka, I. (1990) Negation in syntax. On the nature of functional categories and

projections, MIT Doktorego tesia. [gero (1991) urtean ASJU XXV-1, 65-136

erreferentziapean argitaratua]

Laka, I. (1991) “Sentence Negation in Basque”, in J. Lakarra (arg.) Memoriae L.

36

Laka, I. (1993) “The Structure of Inflection: A case study in X0 syntax”, in J. I. Hualde eta J. Ortiz de Urbina (arg.) Generative Studies in Basque Linguistics, Amsterdam: John Benjamins. 21-70.

Ortiz de Urbina, J. (1989a) “The pro-drop parameter”, in Parameters in the grammar of

Basque: a GB approach to Basque syntax, Dordrecht: Foris. 157-165.

Ortiz de Urbina, J. (1989b) “Dislocaciones verbales en estructuras de polaridad”, ASJU XXIII-2, 393-410.

Ortiz de Urbina, J. (1993) “Checking Domains in Basque and Breton”, ASJU XXVII-3, 751-776.

Ortiz de Urbina, J. (1999) “Force Phrases, Focus Phrases and Left Heads in Basque”, in J. Franco & A. Landa (arg.) Gramatical Analysis of Romance and Basque, Amsterdam: John Benjamins, 179-194. [euskarazko bertsio moldatua = Ortiz de Urbina 2008]

Ortiz de Urbina, J. (2008) “Indar sintagmak, Foku sintagmak eta ezkerraldeko buruak euskaran”, in Arteatx, Artiagoitia eta Elordieta (arg), Antisimetriaren hipotesia

vs. buru parametroa: euskararen oinarrizko hitz hurrenkera ezbaian, Bilbo:

EHU. 51-67. [artikulu honen jatorrizko bertsioa = Ortiz de Urbina 1999]

Pollock, J. Y. (1989) “Verb Movement, Universal Grammar, and the Structure of IP,

Linguistic Inquiry 20:3. 365-424.

Reguero, U. (2013) “Word order”, in M. Martinez Areta (arg.) Basque and

Proto-Basque: Language-Internal and Typological Approaches to Linguistic Reconstruction, Frankfurt: Peter Lang. 429-460.

de Rijk, R. (1996) “Focus and Quasifocus on the Basque Negative Statements”, RIEV 41, 63-76.

Rizzi, L. (1997) “The Fine Structure of the Left Periphery”, in L. Haegeman (arg.)

Elements of Grammar, Dordrecht: Kluwer. 281-337.

Travis, L. (1984) Parameters and Effects of Word Order Variation, Doktorego tesia, MIT.

Dokumen terkait