• Tidak ada hasil yang ditemukan

bihotzean" (50. gaia) edo "hiztunak behar ditu euskerak / ez funtzionarioak" (52. gaia). Herriak aurrera euskaraz egingo du, eta euskaraz herriarekin bakarrik egingo du aurrera. Horretarako borondatea behar da "horrek guztiak ez du balio / borondaterik ez bada" (52. gaia). Euskal identitatean borondateak duen funtsa askok azpimarratu dute. Borondatea konpromisoarekin lotzen da, euskaldunek dirudienez argi dute euskara eta euskalduntasunak ez duela iraungo, beraiek izanarazi edo iraunarazi gabe. Komunitate baten aldeko afera pertsonala da euskal nortasunarena.

5.ONDORIOAK

Lan honek bertsolaritza izan du azterbide. Diskurtso komunitate bezala aztertu eta bere diskurtsoaren nondik norakoak jakitea zen helburu nagusia. 2001 eta 2017ko Txapelketa Nagusien diskurtso analisi kritiko konparatua egin da finaletako gaietatik abiatuta. Bertsolaritzaren komunitatea, praktikan bilakatzen da komunitate, eta praktika horietan esanguratsuenetako bat da Txapelketarena. Praktikan egiten da diskurtsoa, eta diskurtsoaren bidez egikaritzen dira komunitatearen iruditegi, balio, bateragune eta abarrak. Diskurtso praktika komunen bidez sortzen da aldi berean, komunitatea (harreman-sarea) eta diskurtsoa. Beraz, final nagusiak bertsolaritzaren nolabaiteko ispilu dira, eta bi urtemugen konparaketak, egon daitezkeen aldaketak, joerak, identifikatzeko balio izan digu.

Analisia egin ahala bost izan dira zedarritu ditugun kategoriak: dilema moralak, ekonomia, familia, harremanak eta politika/Euskal Herria. Kategoria bakoitzean bi urte mugen desberdintasunak azpimarratzeaz gain (H2) bateraguneak bilatu ditugu, bai kategorien barnean, bai kategorien artean (H3)

Dilema moralen kasuan "bazterreko" pertsonaien diskurtsoak komunitatearen atxikipena lortzen du, eta bi urtemugetan bertsolariak bazterrekoen ahotsa izateko nolabaiteko joera ikusten da. Gure ustez, euskara hutsean egiten den fenomenoa izateak badauka honekin zerikusirik (euskara normalizazio egoeran ez dagoela uste baitugu). Horretarako baina, komunitateak nor/nortzuk dituen bazterrekotzat jakin

54 behar du. Ertzekoegiak ezin dira izan. Diskurtsoek hitz egiteko muga baina aukera ematen digute. Mugen barruan beti. Aipatzekoa gorputzaren presentzia. Gorputz berriak azaltzeaz gain, bi Txapelketen arteko ezberdintasuna da, gaiak gorputzetan kokatzen direla, gorputzetik kantatu behar dute bertsolariek 2017an, 2001ean ez bezala.

Ekonomiaren gaia dilema moral gisa azaldu da bi urteetan. Diruaren logikaren aldeko diskurtsoa kritikatu egiten da bi garaitan, eta dirua duen pertsonaiak, justifikatu egin behar du bere burua. Lanez, merezimenduz lortutako dirua bakarrik da onargarria. Bertsolariek moralaren funtzio normatiboa izanda, komunitatearen balioak islatzen dituzte. Balizko egoeretan, komunitateko kideek egiten dutena edo egin beharko luketena.

Ekonomiari dagokionez, 2001ean ekonomia etxe barruko fenomenoa zen. 2017an berriz, dimentsio zabalagoak hartzen ditu eta merkatuaren pisua agerikoa da. Gure ustez, testuinguruaren, eta batez ere krisi ekonomikoaren, eragina nabaria da. Hala ere, ez du esan nahi ekonomia globalak etxekoa ordeztu duenik, ekonomiaren gaia bikoiztu egin dela baizik.

Dilema moraletan diruaren logika kritikatu egiten da eta ekonomiaren diskurtsoan "besteak" dira ekonomiaren boterea dutenak. Bertsolaritzaren praktika diskurtsiboen komunitatea menpeko posizioan dago, edo hala irudikatzen da, ekonomiaren alorrean. "Bestea", hau da, gu ez garena, da "gaiztoa" edo guk egiten duguna egin arren, egin behar ez genukeena adierazten du "besteak". Balio guztiek beraien kontrabalioak dituzte eta komunitatearen diskurtsoa kontrabalioetatik ere eraikitzen da. Kontrabalioak gehiago azaltzen diren azken Txapelketan, 2001ean baino.

Hirugarren kategoria familiarena izan da. Familia eredu nuklearrak 2001ean pisu handiagoa zuen 2017an baino. Eta gaietan azaldu da hori. Familia eredu desberdinak atera dira, xede-taldeak ere familiaren iruditegia aldatu duelako. Hala ere familia gurasotasunarekin dago lotuta batik bat. Gai hauetan jartzen diren rol/ pertsonaiak euren haurrarekiko harremanean definitzen dira. Bi finalak konparatuz gurasotasunaren diskurtsoa askorik ez dela aldatu ikusi dugu, balore positiboekin lotzen da gurasotasuna eta sentitze irrazional bezala definitzen dela. Kategoria

55 honetan, gaien bilakaera agerikoa da, familia molde desberdinagoak daude, aldiz, garatzen den diskurtsoaren bilakaera ez.

Gizaki soziala, elkarrekintzez eta harremanez osatzen da. Harreman afektiboen kategorian, 2001ean intimitatea afektibitate-sexualean oinarritzen zen. 2017an, aldiz, beste harreman intimo batzuk azaltzen dira, jolasa inplizituago da. Alabaina, sexu-jolasak konnotazio positiboa du, umorerako praktikarako gaia da eta umorea eragiten du komunitatean.

Generoa zehar-lerro gisa aztertu badugu ere, genero-indarkeriari multzo honetan egin diogu leku. Bai 2001ean eta bai 2017an azaltzen da gaia eta bietan genero indarkeriaren biktima emakumea da. 2001ean lehen pertsonan jartzen da gaia, 2017an testiguak bezala. Desberdintasun hau gaiak hartu duen kontzientziagatik dela uste dugu. Bertsolaritzaren komunitatean gai delikatua izanik eta kasuen hedapena ikusita, genero-indarkeria jasan dutenen gorputza, bizipenak, izatea ezinezkoa dela onartuta balego bezala.

Hamaika adibide daude bertsolaritzaren komunitatea generoa lanketa egiten ari dela esateko. Final Nagusiko gaiak eta hauen garapena aztertuta baina, bietan emakumea ahularen rolean azaltzen da, agentziarik gabeko rolean. Emakumea arazoarekin lotzen da oraino eta genero-indarkeria auzi pertsonala bailitzan tratatzen dela iruditzen zaigu.

Bosgarren eta azken kategoria politika/Euskal Herriarena izan da. Gure ustez, 2001ean Euskal Herriaz hitz egiteko modua zen politika, eta alderantziz. 2017an baina, Euskal Herriaz hitz egiten da eta Euskal Herriaren barneko gaietako bat da politika. 2001ean bertsoa eta kultura bera, politika egiteko modutzat hartuak zirela uste dugu; aldiz 2017an kulturak bere leku propioa balu bezala jokatzen da. Hala ere, egoera politikoaren eraginak garbi ikusten dira bi urteetan, eta bi urteak trantsizio urte direla ere esan genezake. Beraz, perspektiba eta azterketa sakonago batekin esan beharko genuke halakorik.

Bertsolaritzaren baitan biltzen den komunitateak ez du bere burua "multzo" edo "talde soiltzat” hartzen, “herria” dela adierazten du. Herri kontzeptua bi finaletan

56 ageri da. 2001ean termino politika gisa ageri badaiteke ere -eta nazioarekin berdinduta-, 2017an dimentsio sozio-kulturalarekin lotuago dago. Alabaina, bertsolaritzaren kasuan kultura eta politika bereizten zaila dela iruditzen zaigu.

Euskal Herriaren eta politikaren oinarri hizkuntzak, euskarak, izan behar duela esaten da bi finaletan. Ez da lurraldea, identitatea, Estatua. Horiek ere barnebildu ditzake euskarak, baina hizkuntzak du erabateko fokua, ez beste elementuek. Euskara hauspotu dadin, gehiago azpimarratzen da borondatearen indarra, lege, instituzio eta abarrena baino. Eta joera hau, bazterreko ahots izatearekin, txikitasunaren aldarriarekin, zein diruaren kontrakotasunarekin harilkatzen da.

Lan honen muina analisia izan da. Bertsolaritzaren fenomenoak aldaketa nabariak dituenaren ustea, lurrera ekarri eta kokatzen zein aztertzen saiatu gara. Praktika eta komunitate bat aldatu dela esatea hitz potoloa baita, eta jakin badakigu, aldaketak ez direla homogeneoak denbora eta espazioari dagokionez. Hala ere, ondorioztatu genezake, bertsolaritzaren komunitatea biltzen duena ez dela praktika soila, diskurtsoak, diskurtso jakin batzuk zehazki, balio jakin batzuk, batzen dutela komunitatea. Diskurtsoa bera da bitarteko eta helburu komunitate honetan (H1).

Gaitegian bi urteen artean aurkitu dugun desberdintasun handiena terminologian egon da, bai egoerei erreferentzia egiterako garaian, bai bertsolariek garatutako diskurtsoetan. Edukian baina, balio antzerakoak agertzen dira bi finaletan. Gaiek sortzen duten iruditegia bertsolarien diskurtso joerarekin bat dator (H4).

Gaiak jartzeko, komunitatearen kodea ezagutu behar da. Gai-jartzaileak ere horren parte dira eta jakin badakite, gaiek beti daukatela tonu bat, esatez denaz gaindi, iradokitzen dena eta esaten ez dena ere asko dela. Kodeak ezagutzeak ez du esan nahi eurek dominatzen zaituztenik, alderantziz, hauen ezagutzak eta erabilerak berak sortzen du boterea, onarpenetik, inolako jazarpenik gabe. Bertsolariek modu horretan lortzen dute diskurtsorako ahala (H5). Horregatik diogu, konpartitzen dena ez dela imaginario zehatz eta ondo mugatua, gehiago du komun batetik. Sentitu baina, ezin dugu sentitu modu abstraktuan, eta gaien bidez gauzatzen dugu prozesu hau.

57 Bertsolaritzak sortzen duen komunitatearen borondate esentziala, gizartearen arrazional-erreflexiboarekin kontrajartzen da.

Gaien intentzioen norabidea, gure ustez, ez da askorik aldatu urteen joanean; berdinzalea da bertsolaritzaren praktika komunitatea, ongia eta gaizkia estereotipo berdintsuekin lotzen da, helburu eta balioak ere bai... Bertsolariaren zailtasuna, publikoak entzun "nahi" duena kantatzea eta era berean publikoa "heztearen" ariketa egitea da. Eta hezkuntza horretarako erabakigarria da lau urtetik behin egiten den Txapelketa Nagusia.

Txapelketa ez baita lehia hutsa. Txapelketan praktika komunitate horren praktika zein den erabakitzen da, zein balioren alde egin, zeintzuk "ez diren" komunitate horren parte, zer den bestearen larruan egotea, atzerritarraren kasuan, genero-indarkeria pairatu duenarengan, haurrak etxetik joan zaizkien gurasoenean. Zer dion isiltzen denak, zer, atea zabaltzean besteak isilarazi dituenak, zer, sekula hitzik egin ez duenak.

Denbora, jakintza eta baliabide falta medio, lan honi zirrikituak gelditu zaizkio. Batetik, bi Txapelketa Nagusiren finalak bakarrik aztertuta ezin da praktika komunitate horren errealitate totala aztertu. Bertsolaritzak aktore-sare baten funtzionamendua du eta aktore desberdinen praktikak aztertu beharko lirateke azterketa osoago baterako. Gainera, Txapelketan zehar egondako gaiak analizatzea ere interesgarria eta beharrezkoa da ondorio trinkoagoetara iristeko, eta finalean bertan ere baztertutako ariketen ekarpenak zertzelada politak eman ditzake.

Bestetik, oso zaila da bertsolaritza bezalako fenomeno heterogeneo eta berezia pragmatikoki analizatzea. Guk kategorizazio bat egin dugu, baina kategoria bakoitzeko gaiek ez zuten posizio berdina; batzuk esanguratsuagoak ziren, kategoriarekin lotuagoak, eta ondorioak ateratzerako garaian horiei egin diegu tira. Diskurtso Analisian ez dago analisia egiteko teknika zehatzik. Txanponaren aurkia eta ifrentzua teknika eza da. Honek ez du esan nahi "denak balio duenik". Teoriarekin kontrastatuz, eztabaidatuz, loturak eginez... garatu dugu ikerketa, baina, egia da, ikerlarien subjektibotasunak pisu gehiegi hartu duelakoan gaudela. Ikerlari printzipala bertsolaritzaren barne-mundukoa izateak, jakintza, begirada, eta oinarri batzuk

58 ahalbidetu ditu, baina, ikerketa objektuaren kanpo-begirada zaildu dute. Txanponaren alde biak.

Generoaren ikuspegi, lan osoan izaten saiatu bagara ere, zehar-lerro gisa planteatu dugu eta garrantzitsua da alor horri bakarrik begiratzea ere, gaietan, kategorietan, bertsoetan. Maialen Lujanbioren jarduna aztertzea interesgarria da. Bere diskurtsoaren bilakaerak, komunitate honen diskurtsora hurbiltzen lagunduko ligukeela uste dugu eta bertsolaritzaren iragan hurbilaren zein etorkizun berehalakoaren gakoak aurkitu ditzakegula beregan.

Lan honetan erradiografia txiki bat egin dugu (gu ere, "txikian handi" zaleak). Finala objektu isolatu gisa hartu dugula kontuan izanda, zabala da hala ere. Bertsolari bakoitzak zer esan duen ez dugu zehaztu, kantatzen zena inorena edo "denena" balitza bezala, egituran jarri nahi baikenuen fokua. Honek badauka bere ahulgunea ordea. Diskurtsoa ulertu dugun bezala ulertuta, esamolde performatibo eraginkorra izateko, autoritatea, boterea behar baita. Boterea ez da botere mikrofonoa duelako, mikrofonoa du, boterea duelako. Bertsolari bakoitza desberdina da eta bakoitzaren gaitasuna, materialtasuna, ekitea ez dugu ukatzen. Lan honetan baina, soinu berean bildu ditugu ahots denak.

Ondorengo balizko ikerketa batzuetarako ere interesgarria iruditzen zaigu diskurtso hauek aurrera eramaten dituzten pertsonaien azterketa egitea. Zein pertsonaia dira bertsolaritzaren performatibitatearen emaitza? Bertsolariez gain, zein gorputz igotzen dira oholtza gainera? Zer, nola, zeini, entzuteko prest gaude, nola kantatu komunitatearen mugen barruan, baina mugak zabalduz aldi berean? Izan ere, analisian ikusi dugun bezala, 24. gaia kasu, batzuetan diskurtsoa eta pertsonaia aldendu egiten dira, pertsonaia batzuk garatzeak diskurtsoaren ulermena kolokan jartzen duelako. Diskurtsoaren azterketa eta pertsonaiena osagarriak direlakoan gaude.

Diskurtsoa aztertzeak badauka arrisku bat: diskurtsoa bera ikuspegi total bezala hartzea. Fenomeno linguistiko guztiak sozialak dira, baina fenomeno sozial guztiak ez dira linguistikoak. Sintomez hitz egin dugu, ez ispiluez. Gure ustez, diskurtsoak ez dira errealitatean deskripzio hutsak, baina errealitatea bera ere ez da produkzio

59 diskurtsiboa bakarrik. Bertsolaritzaren kasuan, badira bertatik kanpo geratzen diren dimentsio material zein immaterialak, esperientzia-harremanetan sortzen diren botere eta identitateak kasu. Egoera komunikatiboari jarri behar zaio arreta egoera linguistikoari bainoago. Praktika bera diskurtsora mugatzen da bertsolaritzan ordea, eta beraz, ekintzarako gaitasuna edo errealitatea antzaldatzekoarena duela esatekotan, kakotxak erabili behar.

Errealitateak badu joera, existitzen den bakarra, bera dela sinestarazteko. Diskurtsoek, dena/denetik esango baligukete, aspaldi geundeke mutu. Bertsolaritzak, praktikan egin dut bere mintza, komunitatean bizitza, eta isilean hitza.

Dokumen terkait