• Tidak ada hasil yang ditemukan

HSBa kontaktu zuzenaren bidez transmititzen da, bai mukosa genitalean bai azaleko urradura txikietan. Birusaren transmisioa gizabanako infektagarri baten—seronegatiboa normalean— eta, ikusgarriak diren lesio herpetikoetatik zein eskrezio biral asintomatikoa dela medio, partikula biralak askatzen dituen gizabanakoaren artean gertatzen da [72,73].

Aho-ezpainetako herpesan transmisio-erarik arruntena ahoko mukosa eta listuaren bidezkoa izaten da. Hala ere, zonalde honetako HSB2aren infekzioa mukosa genitala eta ahoaren arteko kontaktuaren ondorioz gertatu ohi da. HSB2ak eragindako HGa harreman sexual genital eta analen ondorioz agertzen da, HSB1aren infekzio genitalean berriz, transmisio-biderik ohikoenak kontaktu orogenitala edota oroanala dira. Halaber, HSB1aren HGa harreman sexual genital zein analen bidez ere izan daiteke.

32

Pertsonaz pertsonako transmisio biralaz gain, autoinokulazioa edo autoinfekzioaren aukera ere badago. Hau da, ahoko partikula biralak genitaleko zonaldera igarotzea edo alderantziz gizabanako beran. Era honetan, gorputzeko bi guneen aldibereko infekzioa lor daiteke. Normalean, autoinokulazioa bai ahoko bai genitaletako primoinfekzioan gertatzen da [103]. Aho-ezpainetako zonaldeko birusaren transmisioa genitaletara bi modutan gauzatzen da. Alde batetik, birusa aho-barrunbetik heste eta peritoneora garraiatu daiteke eta bestetik, kutsatutako eskuko hatzamar edota fomiteen bidez birusa zuzenean inokulatu daiteke [104].

Herpes bipolarraren agerpena—aho-ezpain eta genitaletako aldibereko lesio edo eskrezio birala— primoinfekzioaren biremia aldiaren edo autoinokulazioaren ondoriozkoa da. Sintomatologia sistemikoaren eza—biremian zehar, ordea, ohikoa izaten dena— autoinokulazioaren aldekoa da [105].

HSB mota konkretu baten aurkako antigorputzak izateak nolabaiteko erresistentzia garatzen du berrinfekzioaren aurrean. Gai horren inguruko ikerlanek emaitza kontraesankorrak azaltzen dituzte. Aitzitik, beste mota bateko HSBaren infekzio exogenoaren aurkako babesa aurretik garatutako tokiko immunitateari dagokiola ematen du. Ildo beretik, genitaletako HSB1aren primoinfekzio sintomatiko edo azpiklinikoak geroko HSB2aren infekzio genitala hobeto babesten du aho-ezpainetako HSB1aren infekzioaren aurrekariarekin alderatuz [69].

HGa eskuratzeko biderik arruntena azal edo mukosa genitaletan gertatzen den eskrezio biral asintomatikoa da [106], infekzioa izateko arriskuak, beraz, ez du bakarrik genitaletako lesioekin zerikusirik, baita birusaren jariaketa errazten duten episodio azpiklinikoekin ere [107]. HGa pairatzen duten gizabanako gehienek birusaren partikulak aldez aurretik jakin ezinezko eta noizbehinkako eran jariatzen dituzte [108], eta HSB2aren jariaketa-aldien heren bat, gutxi gorabehera, genitaletako sintomarik gabe gertatzen da [73,109]. Izan ere, agerraldi sintomatikoak eta aldi azpiklinikoak ohikoagoak izaten dira genitaletako HSB2aren infekzioan [110, 111].

Eskrezio biral asintomatikoaren maiztasuna eta iraupena, genitaletako laginetan HSBa aurkitzen duten ikerketa prospektiboetan neurtzen dituzte; HSBaren detekzioa hazkuntza birala edo sentikorragoa den biologia molekularraren teknikak erabiliz egin ohi da. Lortutako emaitzen arabera, eskrezio biral asintomatikoak arruntagoak izaten dira infekzioa gertatu eta lehenengoko hiru hilabetetan [112], denbora pasa ahala gutxituz doazelarik [108]. Lehengo urtea igarotzean berraktibazio biralaren kopurua murriztu egiten da. Halaber, primoinfekzioaren ostean eta urte batzuk geroago, errekurrentzia klinikoen maiztasuna eta birusaren jariaketa-maila altuak izaten jarraitzen dute. Beraz, birusa transmititzeko arriskua jarraia eta etengabea da denboran zehar [113].

33

Aldi azpikliniko gehienak iraupen laburrekoak izaten dira—12-24 ordu baino gutxiagokoak [73,114]—eta HGaren agerraldi sintomatikoetan baino karga biral baxuagoa jariatzen da [73]. Birusaren jariaketaren iraupena luzeagoa da immunogutxituetan [108] eta berreritze sintomatiko ugari dituztenengan [107]. Arrisku-faktore hauek berdinak izaten dira emakume zein gizonezkoetan [106], baina badirudi lehenengoetan jariaketa biralaren tasa altuagoa dela [107].

Normalean, birusaren jariaketa leku anatomiko ezberdinetan eta aldi berean gertatzen da, transmisio-arriskua handitu egiten delarik [73,106]. Harreman sexual analak ez dituzten gizonezko heterosexualek zonalde perianalean ere izaten dute jariaketa birala, gongoil sentsitibo lunbosakroetatik irteten diren nerbioen inerbazioa genital, perianal eta gluteoa delako [115]. Horren ondorioz, HSBaren infekzio genitalaren aurreko arriskua gizon eta emakumezkoen arteko aldaera anatomikoei [106] eta praktika sexual ezberdinei zor diezaioke. Fomiteen bidezko HSBaren transmisioa ezohikoa izaten da, birusa kanpo-ingurunean ezegonkorra delako eta erraztasunez inaktibatzen delako eragile fisikoez—lehortzea, tenperatura altua, erradiazio ultramorea— eta kimikoez—pHaren aldaketak, antiseptikoak, desinfektatzaileak, detergenteak— [62,116].

Laburbilduz, HGaren infekzio-iturririk usuena euren infekzio-egoera ezagutzen ez duten infektaturiko gizabanakoak dira. Transmisio-arriskua eskrezio biral asintomatikoen maiztasunaren araberako da. Aldi asintomatiko hauek ohikoagoak izaten dira infekzio genitalaren lehenengoko hilabeteetan, berreritze ugari dituztenengan eta agerraldi sintomatikoak pairatzen dituztenengan.

1.5.1 Beste sexu-transmisiozko gaixotasunak izateko arriskua

HGa bestelako STGekin erlazionatzen da —GIB, giza papiloma birusa (GPB), luesa, Chlamydia trachomatis, Neisseria gonorrhoeae, Trichomonas vaginalis, B hepatitisa, etab.—, transmisio sexualaren bidea eta infekzio horiek pairatzen dituzten populazioaren ezaugarri epidemiologikoak partekatzen dituztelako [87,117].

HSB2aren infekzio genitala eta GIBaren arteko harremana sendoena da eta biologikoki zein epidemiologikoki frogatu da [114]. GIBa dutenengan oso ohikoa da HSB2aren infekzioa (60-90%) eta azken honek, GIB infekzioa izateko arriskua hirukoiztu egiten du [114-120]. Hala ere, arrisku horretan HSB1aren infekzio genitalak duen eragina ez dago argi [121].

Makroskopikoki, HSBaren ondorioz sortzen diren azal eta mukosetako lesioek, beste mikroorganismoen sarrera errazten dute, tokiko hesi fisikoek osotasuna galdu egiten dutelako

34

[120,121]. Patogenoez kutsaturiko sekrezioak genitaletako azal eta mukosetako urradurak zeharkatzen dituzte eta haiek transmititzeko gaitasuna handitu egiten da.

Maila mikroskopikoari dagokionez, birusaren aurkako tratamendu egokia jaso arren, HSBaren infekzioak eragindako infiltrazio linfozitario iraunkorrak GIBaren infekzioa izateko posibilitatea handitzen du [114]. Alde batetik, mukosa genitaleko CD4+ TLak, GIBaren itu-zelulak hain zuzen ere, zenbait zitokina ezagutzen dituen CCR5 hartzailea espresatzen dute. Hartzaile horrekiko tropismo nabaria duten GIBaren anduiak aukera gehiago dute mukosa genitalean erreplikatu eta hedatzeko [73, 122].

Beste alde batetik, HSB2ak infektaturiko epitelioko CDek lagundu egiten dute GIBaren infekzioan eta transmisioan. Lehenago aipatu bezala, HSBak erantzun immune zelularrari ihes egiteko mekanismoetako bat CDen apoptosia eragitean datza, GIBaren infekzioan TLen aktibazioa saihestu egiten delarik [95]. Gainera, heldugabeko CDek GIBaren infekzioa ekidin dezakete langerinari —manosa eta fukosa ezagutzen duen C motako lektina hartzailea— esker. Hartzaile horrek GIBaren zelula barnerako garraioa eta geroko antigenoaren aurkezpena eta TLen aktibazioa bideratzen du [74]. HSB2ak CDen funtzio horretan eragiten du, hantura aldeko zitokinen espresioa sustatuz eta langerinaren espresioa eta ekintza murriztuz. Gertaera honen ondorioz, CDek ezin diete TLei GIBaren antigenoa erakutsi infekzioa kontrolatzeko eta birusaren infektatzeko gaitasuna gehitu egiten da [123,124].

Azkenik, litekeena da HSB2ak genitaletako jariakinetan eta plasman GIBaren karga birala handitzea [125], beraz, bi birusaz infektaturiko gizabanakoak kutsagarriagoak dira GIBa infekzioa soilik dutenekin alderatuz [119,120]. Dena den, zenbait ikerketaren arabera, ez dago erlaziorik GIBaren karga birala eta HSB2aren seropositibitatea [126] edo jariaketaren artean [127].

HSB2aren eskrezio biral asintomatikoa badirudi GIBaren karga biralarekin zerikusia duela. Horren froga bezala, Aktibitate Handiko Tratamendu Antierretrobirala (AHTA) ezarri baino lehenagoko eta geroko ikerketek aditzera ematen dute, tratamendu hori jasotzen ez zuten pazienteak eta HSB2rekin koinfektatuta zeudenak GIBaren karga biralaren murrizketa izaten zutela nukleosidoen analogoak, aziklobirra edo balaziklobirra kasu, jasotzean [112]. Era berean, GIBaren infekzioak HGa izateko arriskua areagotzen du, genitalen zonaldean CDen urritzea eragiten duelako, batik bat [121,128]. Kasu horretan, HGaren berreritzeen maiztasuna eta larritasuna areagotu egiten dira [121, 125].

Bai emakumezko zein gizonezkoetan, HSB2aren azterketa seroepidemiologikoek, nolabaiteko harremana aurkitu dute GPBaren infekzio genitala eta HGaren artean [129]. Zehazki, azken hamarkadetan, zenbait ikerketa longitudinalen arabera, zerbixeko kartzinoma izateko arriskua areagotzen du HSB2aren infekzioak [130,131]. HSB2 bera bakarrik edo GPBarekin

35

batera, baliabide ezberdinak erabiliz [132], aipaturiko kartzinoma eragiteko kofaktore bezala jardun dezake [133]. HSB1ak eragindako HGak, ordea, ez dirudi zerbixeko kartzinoma izateko arriskua sustatzen duenik, ezta GPBaren infekzioarekin batera ere. Hala ere, gaur egun, gai honen inguruko ondorioak ez dira oraindik guztiz argitu [131].

C. trachomatis infekzioak ere HSBrekin zerikusia duela erakutsi dute zenbait ikerlanek. Alde batetik, STGen sintomak izan dituzten gizabanakoetan, bi mikroorganismoak koinfekzio moduan aurkitu dituzte eta euren seropositibitate tasa %50ekoa baino altuagoa dela dirudi. Bestalde, HGa izateak C. trachomatis infekzio iraunkor edo kronikoa errazten du. HSB2aren infekzioak IFN-γ zitokinaren ekoizpena eta jariaketa bultzatzen duenez, zelularen triptofano maila gutxitu egiten da. Egoera horren ondorioz garatzen diren baldintza desegokiak direla eta, C. trachomatis bakterioaren hazkuntza eten egiten da nolabait eta gorputz elementalak sortzen dira. Bakterioaren forma bideragarri horiek infekzio iraunkorrak eragin ditzake ehun ezberdinetan [134].

Dokumen terkait