• Tidak ada hasil yang ditemukan

Argudio testuen ezaugarri diskurtsibo eta linguistikoak

3. Argudio testuen azterketa. Zuzendariari gutunak testu generoaren deskribapena

3.1. Argudio testuen ezaugarriak

3.1.2. Argudio testuen ezaugarri diskurtsibo eta linguistikoak

Planifikazioaren ezaugarriak aztertu ondoren, testualizaziokoak erakutsiko dira hurrengo ataletan.

3.1.2.1. Argudio motak

Gure ikerketan arlo honetan lanik egin ez dugun arren, eskola material batzuetan ikusten dira argudio moten sailkapenak. Jarraian, Rubioren (2014) lanean egiten den sailkapena ekarriko dugu:

 Autoritate argudioa. Ospe handiko jendeen edo jakitunen iritzietan edo ikerketetan oinarritzen direnak.

 Ziurtasun edo ekintzetan oinarritzen diren argudioak. Ekintza horiek behagarriak dira.

 Esperientzian oinarritzen diren argudioak. Gaiarekin zerikusia duten lan esperientzietan edo esperientzia akademiko edo politikoetan oinarritzen direnak. Batzuetan ospea duten pertsonen esperientziak hartzen dira.

 Adibideak. Orokortzeko balio lezaketenak hartzen dira. Batzuetan pasadizoak, ipuinak, errefrauak eta literatura zitak hartzen dira arau orokor bat ateratzeko.

 Kausalitatean oinarritutakoak. Gertaera kausa baten ondorioa denean, edo kausa askoren ondorioa. Kausa horiek premisak izaten dira eta zergatik gertatu den zerbait edo gerta daitekeen zerbait azaltzeko erabiltzen dira. Honelako argumentuak beste gertaera edo ekintza batzuk ager daitezkeela iragartzeko erabiltzen dira.

 Analogian oinarritutakoak. Antzeko erlazioa dutenean premisak eta ondorioak. Antzerako erlazio honek azaltzen du zailak diren ondorioak.

 Probabilitatean oinarritutako argudioak. Datu estatistikoetan oinarritzen diren argudioak.

 Susmo edo irudipenean oinarritzen direnak. Aurrekari batzuk emanda gerta daitezkeen egoerak edo ekintzak.

 Silogismoa. Premisa bi eta ondorio bat dagoenean. 3.1.2.2. Testu antolatzaileak

Atal honetan konexio mailako baliabideak deskribatuko dira. Izen honen barruan terminologia anitz dago, izan ere, testu antolatzaile kontzeptuak bere baitan hartzen ditu, autore ezberdinen arabera, lokailuak, markatzaileak, menderakuntza eta modalizazio elementuak, nahiz eta guztiek ez duten sailkapen

berbera egiten, ez eta terminologia bera erabiltzen ere. Zerrenda hauetan agertu diren adibide batzuk, esaterako modalizazioarekin lotuta daudenak, guk aparteko azpiatal baten aztertuko ditugu, ardura enuntziatiboarekin lotuta daudelako.

Euskarazko argudio testuen inguruan testu antolatzaileen azterketari ekin dio Larringanek aspalditik (1992b, 1996). Autore honek sakon aztertzen ditu ikuspegi testual eta diskurtsibotik lokailuek jokatzen duten papera, eta lokailuena ez ezik, testu antolatzaileen artean kokatzen diren beste esapide eta egitura batzuenak ere. Baliabide hauek guztiak konexio-mekanismoen mailan kokatzen ditu. Kontra-argudiaketa testuen planifikazioa aztertu ondoren honako testu antolatzaile motak aurkitu ditu:

Gaia ekartzeko: “azken bolada honetan, esan ohi da, dakigunez, …

Garapenerako: lehen eta behingoz, batik bat, horrezaz gain, edozelan

ere, izan ere, behintzat, …

Argudiatzea bera egiteko: baina, hala ere …, baina, dena den …,

haatik …, halan eta guzti ere …

Azpimarratzeko edo errekapitulatzeko: argi dago …, ikusten denez …,

esan bezala …, hitz bitan esateko …

Gogoratzeko: arestian esan bezala, gogora ditzagun, ez ahaztu …

Ondorioa ekartzeko: hitz batez …, laburbildu z…, azkenik …

Lotura lineala egitekoak: ere, baita ere, halaber, gainera, …

Diskurtsoari aurrera egitekoak: alde batetik.. bestetik, bestalde, hala

… nola, lehenbizi … bigarren … azkenik, …

Erlazioak markatzekoak: -ri dagokionez, -ri buruz, besteak beste, …

Metadiskurtsoa bideratzekoak: esaterako, hots, bestela esanda,

laburbilduz, sarrera gisa, …

Argudio testuetan agertzen diren testu antolatzaile ohikoenak Larringanek (2007) ikertu ditu: nabarmentzaileak (behintzat, behinik behin), baibainakoak (bai … baina, egia da bai ,… baina, hala ere), modalizatzaileak, “esapide berezituak” eta I.M.I. testualak (inter, meta, intra argumentu antolatzaileak).

Cuencak (1995) baliabide hauek lokailuak deitzen ditu. Eta lokailuen artean, kontrastea erakustekoak, kausalitatea eta kontsekutiboak eta distributiboak dira gehien agertzen direnak. Argumentatzean sarritan, alde handia dagoenez iritzi ezberdinen artean, tesia eta antitesia garatzeko, kontrastea erakusten duten lokailuak behar izaten dira eta autore honek zerrenda bat ematen du honako lokailu motak bereiziz:

Oposizioa adierazten dutenak: baina, aldiz, ostera, ordea2, …

Ordezkapena adierazten dutenak: -ren ordez, baino, baizik eta, barik,

Murrizketa adierazten dutenak: izan ezik, ezpada ze, …

2

Kontzesioa adierazten dutenak: nahiz eta, arren, dena den, edozelan

ere, nolanahi ere, …

Leku berezi bat dute kausalitatea eta kontsekutibotasuna erakusten duten lokailuek zeren kausa-ondorio erlazioak sarritan erabiltzen dira justifikatzeko orduan:

Kausalitatea adierazteko lokailuen artean honakoak ditugu: zeren,

zelan, nola, horregatik, -ren kausaz, …

Kontsekutiboen artean honakoak ditugu: honegatik, horregatik,

hortaz, honenbestez, hortik, honela, bada, orduan, … Azken hauek

sarritan, ondorioa erakusteko antolatzaile batzuk bezala (beraz,

ondorioz, …), ondorioa ekartzeko erabiltzen dira.

Bestalde, sarritan, tesi bat defendatzeko argumentu ezberdinak zerrendatu behar izaten dira eta horretarako, honelako lokailu banakariak aurkitu ditu autore honek: lehenengo eta behin, bigarrenik, azkenik, alde

batetik, bestetik, gainera, … Hauen ondoan, badira beste testu antolatzaile

batzuk ere zenbakiak, letrak, gidoiak edo letra lodiak izan daitezkeenak.

Amaitzeko, Cuencak (1995) markatzaile diskurtsibo batzuk ere identifikatu ditu, argumentatzeko interesgarriak direnak:

baldintzazkoak (bada, kasu honetan, … )

orokortzezkoak (orokorrean, normalean, gehienetan, … )

adibidezkoak (adibidez, kasu batera, kasurako, esaterako, honela, … )

berrespenezkoak (jakina, hain zuzen ere, … )

Ikusi bezala, baliabide berdintsuak dituzte autore guztiek, nahiz eta terminologia ezberdina erabiltzen duten. Bestalde, goiko zerrendetan agertzen diren partikula guzti horiek gure ikasleen testuetan ere ager daitezkeen arren, hemen landu ditugunak gehiago izan dira argudioak ordenatzeko eta kontzesioak edo kontra-argudioak ekartzeko baliabideak. Horrela, Larringanek izendatu dituen baibainakoak (bai … baina, hala ere … ), metadiskurtsoa (sarrera gisa,

laburbilduz … ), erlazioak markatzekoak (-ri dagokionez, …), diskurtsoari aurrera

egitekoak (alde batetik, … bestetik, lehenbizi, … bigarren, … azkenik, … ), argudiatzekoak (baina, hala ere …, baina, dena den … ) , garapena (horrezaz

gain, behintzat, … ) eta ondorioa (laburbilduz, ondorioz, … ) ekartzekoak izan

dira gehien erabili diren adibideak.

3.1.2.3. Gaien kohesioaren mekanismoak

Kohesioaren esparruan Garcia-Azkoagak (1998) azpimarratzen du anafora askeen garrantzia argudiozko testuetan eta horien sailkapen bat proposatzen du. Bi multzo bereizten ditu: anafora leialak eta ez-leialak. Anafora leialek enuntziazio kontestura bidaltzen gaituzte, aurrekariari erreferentzia zuzena eginez. Anafora ez-leialek, ostera, ez diote erreferentzia egiten zuzen-zuzenean aurrekariari, bien artean dagoen lotura zeharkakoa izanez. Hauen barruan

sartzen ditu asoziazio bidezko anaforak (munduaz dugun ezagutzatik eta testuaren eduki linguistikotik ateratzen da informazioa) eta anafora kontzeptualak (aurretik emandako informazioa birformulatu egiten da eta informazioa gehitzen du, askotan balorazioa eginez).

Hemen aurkeztuko diren sekuentzia didaktikoetan lantzen diren anafora motak sinonimoak, ordain lexikalak eta anafora kontzeptualak izan dira. Hauen artean arreta berezia jarri dugu anafora kontzeptualetan, anafora mota honek aukera ematen duelako, igorleak nahi izanez gero, bere iritzia ezkutuan jartzea, aurreko ideia ordezkatzeko aukeratzen duen hitzaren bidez. Horrela, aurreko paragrafoetan azaldu den gertaera laburbiltzeko aukera dezake, adibidez,

gertaera hau, edo gertaera penagarri hau. Ikusten denez, bigarren aukerarekin

igorleak bere balorazioa ematen du gertaeraren inguruan, lehenak egiten ez duen bezala.

Ikusten dugun moduan, argudiozko testuek abilezia konplexuak eta anitzak eskatzen dituzte. Didaktikari begira, ezinbestekoa da aukeraketa egitea eta SD bakoitzean zenbat irakatsi ondo neurtzea. Lan honi dagokionez (SDetan zehatz-mehatz landu direnak (ikus 5.3 eta 5.4. ataletan), argudio motak ez dira landu eta aldiz, garrantzi gehiago eman diogu argudioak nola aurkezten diren testuan zehar, hau da, argudioak zerrendatuta edo hierarkian ematen diren ikusi dugu. Bestalde, argudioak hierarkian emateko, testu antolatzaileen beharra dagoenez, hemen agertu diren sailkapen batzuk gure lanerako interesgarriak izan dira, hala nola, argudioak ordenatzeko balio dutenak eta kontzesioak edo kontra-argudioak ekartzeko balio dutenak. Gaien kohesioa ere aztertu da, hau da, gaia nola aurkeztu eta errekuperatzen den testuan zehar; honetarako baliabide mota ezberdinak egon arren, arreta berezia jarri dugu anafora kontzeptualetan, sinonimoetan eta ordain lexikaletan.

Dokumen terkait